martes, 2 de diciembre de 2014

GURE AMODIOZKO ISTORIOA. Euskarari eta eskaldunoi eskainita.



Txikitatik banekien existitzen zinela. Baina, hain urrun geunden elkarrengandik non ez nizun zuri erreparatzen. Denboraren poderioz, urte askoren buruan, nahi gabe, zuregana hurbildu nintzen, eta hasi zinen kasu egiten, ni konturatu barik. Ahopean deitzen zenidan eta nik jaramonik ez nizun egiten. Eta horrela jarraitu zenuen ia zazpi urtez, presarik gabe, haserretu gabe, tematu gabe, egonarriz hartuta, zure helburua berandu baino lehen lortuko zenuelakoan.

Apurka – apurka zuregana hurbiltzen hasi nintzen, ez nahita, baina, bazeneukan interesgarria iruditzen zitzaidan zerbait, erakartzen ninduen zerbait, baina ez nekien zehatz-mehatz zer zen. Ezer gutxi artean, egia esan, hasieran denek “gaizki” hitz egiten baitzidaten zutaz; oso zaila zinela lau haizetara zabaltzen zuten. Hori horrela izanda, estreinakoz hurbiltzen saiatu nintzenean, berehala damu zitzaidan eta zu alde batera utzi nahiago izan nuen. Ez nuen sufritu nahi, beraz, erabaki nuen beste batzuekin joatea: ingelesak, frantziarrak… pentsatzen bainuen lortezina zinela niretzat. Horrela, behintzat, sinestarazi nahi izan zidaten eta itsu-itsuan sinetsi ere. Ez nintzen ausartzen ni neu bakarrik nengoela zu ezagutzen. Fama horrekin…

Hala ere, zuk isilik jarraitzen zenuen nire zain, presa barik, haserretzeke, baina zure pazientzia agortzen ari zen. Horregatik, erabaki zenuen mezulari batzuk bidaltzea, zuregana hulbitzera bultzatzeko, zutaz ondo hitz egiteko, zu ezagutzeko, tratatzeko eta, maitasuna agertu ezean, uzteko. Nerabe bat bezala portatu zinen eta bikain aukeratu zenituen mezulariak: zu partekatzeko lain asko maite zintuzten pertsonak.

Eta horrela, zutaz hizketan hasi nintzen, galdetzen, interesatzen… baina, arretaz, dena eman nahi barik, artean zuri buruzkoak gogoan baineuzkan. Noizbait zurekin hitz egiten ausartu nintzen, baina lotsaz, artean errespetu handia nizun-eta. Izan ere, egiten nuenetan gorritzen nintzen, eta gehienetan hobe nuen isildu. Hala eta guztiz ere, zuk setati jarraitzen zenuen, beldurra ematen baitzizun ni galtzeak, interesatuta hasita nengoela. Eta, badaezpada ere, mezulariak bidaltzen segitzen zenuen jo eta su; helburu bakarra izanik: ni zeureganatzea.    

Eta azkenean, lortu ere lortu zenuen. Gehiago eutsi ezinik maitemindu ninduzun. Beldurrak haizeak eraman zituen, zegoeneko prest nengoen, eta ondo ezagutzeko, tratatzeko eta zurekin gehiago mintzatzeko irrikaz. Banekien asko irakatsi eta erakutsi behar zenidala eta, konturatzerako, guztiz murgilduta nengoen istorio honetan. Hasi ginen elkar ezagutzen, komunikatzen, berba egiten, gero eta lotsa gutxiagoz eta zutaz harro. Hilabete gutxiren buruan erabat maiteminduta nengoen. Zutaz ez ezik, zure ohiturez, ahoskeraz, dantzez, jaiez, kulturaz ere maitemindu nintzen.

Orain urte bat baino apur bat gehiago elkarrekin daramagularik, harreman guztietan bezala, gaizki-ulertu batzuek eta komunikazio ezak eraman naute amore eman nahi izatera, behin baino gehiagotan. Arrazoi zeukaten zutaz “txarto” hitz egiten zidatenek: zail samar zara. Baina, ni jabetu naiz zaila bezain desberdina, eta hori da, hain zuzen, aparteko, erakargarri eta zoragarri bihurtzen zaituena.    

Hilabeteotan, komunikazioa pixkanaka-pixkanaka erraza eta arina izatea lortu dugu eta gero eta gai sakonago eta dibertigarriagoez aritzen gara. Hobeto ulertzen diogu elkarri, nahiz eta zure familietako batzuk ulertzea kostatu. Dena den, badakit haiek ere maite nautela, ontzat hartzen dutela gure harremana eta elkarrekin jarraitzea nahi dutela. Segidan nabaritzen zaie.

Askotan, hutsak egiten ditut, bete batzuetan, badirudi atzera joaten dela harremana, baina zuri ez zaizu batere inporta: egonarriz hartuta jarraitzen duzu nire alboan, zuzentzen eta laguntzen. 

Orain arte,  errespetu handiz tratatu izan dugu elkar, eta, agian, egun batean, hain lagun min bilakatuko gara non hika egiten ere amaituko dugun. Auskalo!

Gaur zure eguna da eta lerro hauek eskaini nahi dizkizut, zuri eta zure bizitza posible egiten dutenei. Konturatu gabe, ni ere banago haien artean. Eskerrik asko, bihotzez, EUSKARAri eta EUSKALDUNoi.