jueves, 18 de septiembre de 2014

8 urte Euskal Herrian.

Zortzi urte pasatu dira. 2006ko irailaren 18an Sevillan esnatu nintzen. Hegaldi bat hartu behar nuen Bilborantz. Bizitza berria, jende desberdina eta leku ezezagunak nire zain zeuden. Apur bat beldurtuta (23 urte baino ez neuzkan) nire maleta hartu (inor ezagutu gabe), esan "agur" aita eta amari eta, dardara batean, Sevilla, nire jatorrizko eta maitasun herria, utzi nuen. Hasieran "gero arte" bat izango zela pentsatzen nuen, hiru hilabete geroxeago bueltatzekoa nintzen-eta. Hala ere, ikus dezakezuenez ez zen batere horrela izan.
Inoiz ez nuen ezta imaginatu ere egin hemen aurkituko nituela lana, benetako lagunak, maitasuna, baita beste familia bat ere. Inoiz ez nuen imaginatu zortzi urte geroago lerro hauek baserri batetik, Euskal Herriko bihotzean, idazten arituko nintzela,  are gutxiago, euskaraz.

Izan ere, lehenengo zazpi urteetan, lana dela, zaila dela, ez nion hemengo hizkuntza ikasteari eman. Baina, orain dela urte bete (apur bat gehiago, agian) nire bizitzak sekulako bira eman du. Denboraren poderioz, hasi nintzen gero eta gehiago hemengo jendea eta ohiturak maitatzen. Orduan, konturatu nintzen orain arte egindakoa ez zen nahikoa. Horregatik esan nion neure buruari "Reyes, bene-benetan hemengo kultura eta jendea ezagutu nahi baduzu bere oinarria aurkitu behar duzu" Eta, zein den euskaldunen oinarria? Argi eta garbi: hizkuntza. Hizkuntza da ohitura guztiak mugitzen dituena, tradizioak sortzen dituena, jendea lotzen duena eta, azken finean, kultura biltzen duena. Orduan, aitzakiak alde batera utzi nituen eta, apurka-apurka, hasi nintzen benetako sustraietan murgiltzen. Orain esan dezaket nire hausnarketak okerrak ez zirela eta erabaki ezin hobea hartu nuela.

Nahiz eta hasieran pentsatu batzuek nire interesa ez zutela ondo hartuko, denborak erakutsi dit guztiz kontrakoa. Egin nuen (eta jarraitzen dut egiten) errespetuagatik, noski, baina sekula ezin izan nuen imaginatu jarrera hau. Zinez.. Nahi gabe eta proposatu gabe, jendeak hartu nau euskalduntzat (izan ere, bere arrazoi-puxka du, euskaldun berria naiz) eta arrotz bezala ikusten nindutenek orain bultzatzen naute jarraitzera. Eta bakar-bakarrik euskara ikaste hutsagatik. Beno, noski, euskara izatea ez da edozein gauza, euskara da haien bizitzak mugitzen dituena. Eta hori, Sevillarra izanik ("de pura cepa", gainera) gehiegi da euskaldunentzat. Eta irakatsi didate akatsak egin arren, hanka sartu arren edo lotsa eman arren hobe dela zerbait hitz egitea ixilik egotea baino. Hasieran, ez nintzen ausartzen euskara erabiltzen pentsatzen nuelako hainbeste akats egitea erespetu falta bat izan zitekeela. Hilabete batzuk geroago konturatu naiz errespetu falta dela ez erabiltzea.

Badira zortzi urte nire etxea utzi nuela, beste etxe bat aurkitu dut eta jarraitzen dut Sevillar izaten, nire sustraiak maitatzen eta nire tradizioak mantentzen. Hori kultura berri bat errepetatzeko, ezagutzeko eta maitatzeko ezinbestekoa da. Haiek sartu dira nire bihotzean eta nik badakit ni ere sartu naizela haien bihotzetan. Egiten ez duena nahi ez duelako da.