martes, 8 de julio de 2014

Sevillar bat baserri batean...

1. eguna.
Uztailaren 7a eta Iruñera joan beharrean, Errezilerantz abiatu nintzen, guztiz prestatuta nire "abentura" euskalduna hasteko (edo hori pentsatu nahi nuen nik). Kotxea hartu, barrura sartu sekulako maleta (badaezpada ere, inoiz ez dakigu zein izango diren gure beharrak), musika piztu eta errepidera zuzen-zuzenean.
Azpeitiraino dena ondo zihoan, gero, Errezilera gogorrago egin zitzaidan. Bide estu-estua zen, ezagutu barik, mendien artean, zuhaitzez inguratuta, kotxeak ni aurreratzen eta, nola ez, euria egiten hasi zuen. Hala eta guztiz ere, lasai - lasai gidatzen nuen. Zeharkatu Errezil, hamar etxe baino ez dira, zein baino zein politagoak, pasaia ederra, baserriak han-hemenka... Eliza handia... Xarma zeukan leku horrek Geroxeago ezagutuko dut. Nahiko denbora izango dudalakoan nago.
Letea jatetxean aparkatu autoa,  hor geratu nintzen nire lagun estimatuarekin. Xabierrek, euskaldunik inor bada, Azpeitikoa, bilatu zidan baserria eta lagundu nahi zidan lehen egunean apur bat izotza apurtzeko. (Gehien bat, hain zaila ez izateagatik). Letean bertan bazkaldu genuen, bide batez oso ondo, eta gainera ezagutu nuen M.Ángeles, jabea. Xabierrek dioenez, ama bat bezalakoa da. Lau eta erdirako iritsi ginen Gloriaren baserrira, nire helburura. Hortik aurrera, nire etxea.
Hasieran, ez zegoen inor. Baina, bat-batean, gizon bat atera zen etxetik. (Zahar samarra esan behar dut) eta nekez hurbildu zitzaigun. Txapela jantzita eta makila eramanda, nahiko itxura ona zeukan gizonak. "Atsaldeon" esan zuen Xabierrek. Mintzatzen hasi ziren eta ni geratu naiz "pasmarote" bat bezala ez bainuen piperrik ulertzen. Ondo hasten gara! Egia esan, ez dakit nola uler ziezaiokeen Xabierrek gizon horri. Nik bakar-bakarrik harrapatu nion "ochenta y ocho" erderaz esan zuelako. Izan ere, galdetzen nion neure buruari: "Hori benetan euskara al da? Lepoa jokatuko nuke adarra jotzen ari zaizkidala". Baina, inondik inora, euskara zen eta nik ulertu ezinik. Eskerrak Xabier zegoen! Baina bera presaka zebilen eta joan behar izan zuen. Gizon zaharrarekin bakarrik geratu nintzen. Sentitu nintzen "Kutsidazu bidea Ixabel" liburuan bezala...
"Ongi etorri Euskal Herri sakonera, Reyes!"

Hala ere, beldurrak joan ziren Gloria eta biloba, Amaia, heltzeaz batera. Ezin jatorragoak jaitsi kotxetik eta nire bila etorri ziren. Musukatu eta besarkatu genuen elkar eta sartu Ibarguren baserrian. Erakutsi zidaten nire logela, nahiko erosoa, nire komuna eta sukaldea, bizitza egiten duten lekuan.
Haiek berehala harrapatu zidaten nire euskara maila eta ni berehala konturatu nintzen haientzat "joan" aditza "jun" zela, eta bai "g" bai "d" jaten zituztela. Beraz, ez da "ederki" baizik eta "erki" eta "dugu" "deu" bihurtzen da. Hori gutxi balitz, harrituta geratu nintzen gure bizilagunak galdetu zidanean: "Telebistan ikusi zaitut. Zuk euskara ikixten duzu, ezta?" Ikixxxx zer? Noski, testuinguruari esker asma nezakeen ikasi aditza zela. Ikusiak ikusita, esaten nion neure buruari: "Hori ez da batua, Reyes. Hori benetako euskara da, egunerokoa, erabiltzen dena. Ez zaude euskaltegian, neska. Hortaz, aldatu txipa."

Horregatik, Amaiak erabaki zuen bere euskalkiz niri hitz egitea. Eta,  zerbait bazegoen ulertzen ez nuena, errepikatzen edo azaltzen zidan arazo barik. Gainera, hain jatorra bera, eraman ninduen baztarrak ikustera. Ez dago esan beharrik ikuspegiak ezin ederragoak direla. Zinez leku zoragarria da Errezil eta bere ingurua. Erakutsi zidan, baita ere, baserri osoa: oilaskoak, ardiak, behiak, txakurrak, baratza... Baina, biharko utziko dugu nire baserritar bizitza.

Patata-tortilla afaldu genuen eta nik ekarritako urdaiazpikoa Huelvako menditik zuzenean. Eta hara non agertu zela lehendabiziko gizona, Enrike. Ulertzeke, jarraitu nuen, ahal dela, solasean. Batzuetan, Amaiak egiten zuen "itzulpena" nire euskarara, beste batzuetan, Gloriak. Amaia, 21 urtekoa, Anoetan bizi da gurasoekin eta afaldu ostean etxera joan zen lan egin behar baitzuen hurrengo egunean. Ohera joan baino lehen, telebista ikusten geratu ginen Gloria eta biok. ETB1, baldinbaitte! ;-)

Eta hau izan da lehen eguna. Bihar hasiko da benetako euskaldun-bizitza. Irrikaz, noski. Baina bihar biharkoa.



No hay comentarios:

Publicar un comentario