sábado, 12 de julio de 2014

Euskara eta bere apetak...

Egun batzuk euskaraz bizitzen eta galdera batzuk sortu zaizkit. Esatebaterako, zergatik ikasten dugun hizkuntzak ez dauka zerikusirik kalean erabiltzen dutenarekin? Benetan euskara hain zaila da? Edo guk egiten dugu zaila? Denbora pasatu ahala konturatu naiz euskarak eta euskaldunek bere apetak dauzkatela... Eta azalduko dizuet zergatik.

Arratsaldean, bizilagunen etxean egon gara Oier, Amaia eta hirurok. "Sar dadila euskaldun berria" esan dute. Eta amen batean atera zizkiguten garagardo batzuk eta urdaiazpikoa apur bat. Etxean bezala egon ginen mintzatzen guztiok, mahai inguruan.

Harrigarria da, zinez, hemengo jendearen hurbiltasuna. Ezagutu berri banaute ere, etxekotzat hartzen didate. Eta hori eskertzen da. Horrelako gauzak, benetan, bultzatzen naute euskara ikasten jarraitzera, nahiz eta nire ikasitako euskara ez izan.
Ez dago esan beharrik paradigma-taula ez dakitela zer den, are gutxiago nominalizazioak. Izan ere, gure bizilagun batek (Eleuterio deritzonak) galdetu zidan zertarako nahi nuela berak motelago hitz egitea. "Zuk ikasita daukazu euskara, nik euskaraz egiten. Orduan, non dago arazoa?" Horren aurrean, zer esan diezaioket nik? Nireak ez daukala zerikusirik bere euskalkiarekin? Esan arren, ez luke adaltuko, beraz, hobe dut isildu eta adi-adi egon. Nire ondo beharrez...

Hala ere, batzuetan ez dakit zein da onena (edo okerrena): batua (ikasitakoa) edo hemen egiten dutena). Hainbeste ordu euskaltegian sekulako hiztegia ikasten gero konturatzeko hemen "edalontziari" "baso" deitzen diote. Eta ez dituzte jaten "dilistak" baizik eta "lentejak".

Gainera, nik eskatzen diet bakoitzean astiroago hitz egiteko, haiek erantzun "kostatzen zaizu entenditzea, ezta?" Entenditu??? Orduan, "ulertu", zer da ba? Akabu izan da Enrikek galdetu didanean afaldu bitartean: "Leitu dituzu berriak gaur?" "Irakurri esan nahi duzu, ezta?" erantzun nik. Eta leitu, entenditu, basoa, lentejak ez dira bakarrak. Badaude gehiago:  "eskribitu" (idatzi beharrean) "permiso" (baimenaren ordez), bastante (zertarako nahiko, ezta?) eta jarraituko genuke zerrenda egiten bihar arte...

Hori hiztegiari dagokionez, baina, gramatika dela eta, beste horrenbeste. "Porque..." hasten dira esaldiak askotan. Eta guk, euskaldun berri maitteok, "-elako, bait-, -eta" ikasten. Hau negargura...

Hori ikusita (edo entzunda) ez nau harritzen jendeak esateak euskara hain zaila dela. Guk geuk zailtzen zaigu bizitza. Dena den, ez da komeni alde batera uztea, ez dut uste gure aztertzaikeek "porque" esatea onartuko digutenik.



No hay comentarios:

Publicar un comentario