jueves, 17 de julio de 2014

Eguraldi ona datorrenean.

"Hernioa iyo al zea behiñe?" (Itzulpena: "Herniora igo al zara behin ere?" Hori galdetu zidan Oierrek lehengo egunean. Gaur esan dezaket baietz. Nola ez nintzen ni joango Herniora Errezilen egonda?
Eguraldi ona datorrenean gauza pilo bat egin dezakegu. Baina, lagun ona etortzen bada ere, aukera gehiago eta ederragoak agertzen dira. Atzo egon nintzen bisitariaz, ba, hala hemen beste bat...
Nire bila etorri eta biok joan ginen Herniora. 1.078 metro, Gipuzkoako mendirik ezagunetako bat eta Errezildarrentzat, garrantzitsuena. Zelatunen hasi eta poliki-poliki, presarik gabe, igo, ardi eta ahuntzen artean, ikuspegi ederraz gozatzen... Kontuz ibili ginen harriekin orkatilak ez bihurtzeko eta, batez ere, ez erortzeko eta ederra egiteko.
Bidean, kanta batzuk bota genituen euskaraz eta, nola ez, hitz eta pitz aritu ginen hizkuntzari buruz. Tontorrera iritsi aurretik, bazeuden burdinezko uztai batzuk. Antza, pasatuz gero indarra ematen du eta laguntzen dira gaixotasunak kentzen. Nik, badaezpada ere, eta ohiturak jarraitzen,  pasatu nituen.
Heldutakoan konturatu nintzen ez zegoela gurutze bat bakarrik. Gailurra gurutzez beteta zegoen oroitzeko mendizaleak edo, Herniozaleak, hobeto esanda. Helburu berberekin,aldare txiki bat zegoen. Barruan, hamaika argazki eta mila kandela piztuta. Hori ikusita, niri jarri zitzaizkidan oilo ipurditan...
Haluzinagarriak iruditu zaizkit hortik ikusten diren ikusmenak. Alde batetik, itsasoa ikus zitekeen eta haran osoa. Bestetik, besteak beste, gure baserria, argi eta garbi, Hernioren hegalean, mendian murgilduta, ederra. Gure lagun xarmangarriak azaldu zidan non dagoen Azpeitia, Azkoitia, Zarautz, zein diren mendiak eta, beti bezala, kontatu zizkidan pasadizo pilo bat... Hartu genituen argazki batzuk eta berriro behera.
Lana ondo amaitzen dutenak, bazkari ona merezi dute, ezta? Zelatun bazkaldu genuen. Zelatun: beste leku eder bat. Hortik ere ikusten dira sekulako bistak. Eta, hor dagoen jatetxea izugarri eroso eta hurbila da. Ezin egokiagoa ondo jateko eta,  gainera, konpania paregabekoan. Han zebiltzanak ere ezagutzen gintuzten. "Zu zera euskaldun berria, ezta?" "Ikusi zaitugu telebistan,  zu zea hemen ikixten duena?" Berria naizenez, denek ezagutzen naute Errezilen eta inguruetan, eta galdetzen zidaten ea nola moldatzen nintzen, nitaz kezkatuta. Ez al da polita? Ez al dira zoragarriak Errezildarrak, hurbilak, jatorrak...? Susmo bat daukat: joango naizenean asko botako falta ditut (denak; herria eta herritarrak, baina, batez ere, familia)

Txangoaz gain, eguraldi ona datorrenean aprobetxatu behar da lurrean lan egiteko. Orduan, arratsaldean, hori tokatu zitzaigun. Beno, guri eta guztiei. Giroa nabaritzen zen: traktoren mugimendua baserrietan baita bideetan ere, gelditu gabe. Hainbeste egun txarren ostean, eguzkia aprobetxatu behar izan zen, berriro joan aurretik. Nola eta Oierrek ebaki zuen belarra, orain bildu behar genuen. Iban, Gloria eta hiruron artean egin genuen,  beroa gorabehera. Iban sardearekin, emakumeak eskuarearekin. Ibanek azaldu zidanez, behin ebakita, belarra ezin da bustitu, bestela ustelduko da eta ez luke balioko behiei jan emateko, neguan.
Baserriko lana egiteagatik ez zaizkit eraztunak erortzen. Inondik inora. Hori bai, atera zait baba bat eskuan. Eta ez dago Ibanen errua (berak dioen bezala). Gertatzen dena da nire eskuak ez daudela ohituta lurrean lan egiten. Badirudi finegiak direla. Hala eta guztiz ere, jarraitu nuen biltzen. Jarri tirita txiki bat eta kito.
Eta landu bitartean, aipatutako hurbiltasuna ere sentitu ahal izan nuen. Txirrindulari bat pasatu zen bidetik eta kasu egin zidan: "Aupa Reyes! Zaindu Iban!" Baina, ez genekien nor zen eta gaur jarraitzen dugu oraindik zalantzarekin. Baina, jende guztiak estimatzen nau eta hori zoragarria da. Azkenean, izerditan baina amaitu genuen lana (edo gehiena) Eta poz-pozik, gainera!
Mendira joan, lurra landu... kalekumea izateko, ez dago gaizki, ezta?
















No hay comentarios:

Publicar un comentario