martes, 2 de diciembre de 2014

GURE AMODIOZKO ISTORIOA. Euskarari eta eskaldunoi eskainita.



Txikitatik banekien existitzen zinela. Baina, hain urrun geunden elkarrengandik non ez nizun zuri erreparatzen. Denboraren poderioz, urte askoren buruan, nahi gabe, zuregana hurbildu nintzen, eta hasi zinen kasu egiten, ni konturatu barik. Ahopean deitzen zenidan eta nik jaramonik ez nizun egiten. Eta horrela jarraitu zenuen ia zazpi urtez, presarik gabe, haserretu gabe, tematu gabe, egonarriz hartuta, zure helburua berandu baino lehen lortuko zenuelakoan.

Apurka – apurka zuregana hurbiltzen hasi nintzen, ez nahita, baina, bazeneukan interesgarria iruditzen zitzaidan zerbait, erakartzen ninduen zerbait, baina ez nekien zehatz-mehatz zer zen. Ezer gutxi artean, egia esan, hasieran denek “gaizki” hitz egiten baitzidaten zutaz; oso zaila zinela lau haizetara zabaltzen zuten. Hori horrela izanda, estreinakoz hurbiltzen saiatu nintzenean, berehala damu zitzaidan eta zu alde batera utzi nahiago izan nuen. Ez nuen sufritu nahi, beraz, erabaki nuen beste batzuekin joatea: ingelesak, frantziarrak… pentsatzen bainuen lortezina zinela niretzat. Horrela, behintzat, sinestarazi nahi izan zidaten eta itsu-itsuan sinetsi ere. Ez nintzen ausartzen ni neu bakarrik nengoela zu ezagutzen. Fama horrekin…

Hala ere, zuk isilik jarraitzen zenuen nire zain, presa barik, haserretzeke, baina zure pazientzia agortzen ari zen. Horregatik, erabaki zenuen mezulari batzuk bidaltzea, zuregana hulbitzera bultzatzeko, zutaz ondo hitz egiteko, zu ezagutzeko, tratatzeko eta, maitasuna agertu ezean, uzteko. Nerabe bat bezala portatu zinen eta bikain aukeratu zenituen mezulariak: zu partekatzeko lain asko maite zintuzten pertsonak.

Eta horrela, zutaz hizketan hasi nintzen, galdetzen, interesatzen… baina, arretaz, dena eman nahi barik, artean zuri buruzkoak gogoan baineuzkan. Noizbait zurekin hitz egiten ausartu nintzen, baina lotsaz, artean errespetu handia nizun-eta. Izan ere, egiten nuenetan gorritzen nintzen, eta gehienetan hobe nuen isildu. Hala eta guztiz ere, zuk setati jarraitzen zenuen, beldurra ematen baitzizun ni galtzeak, interesatuta hasita nengoela. Eta, badaezpada ere, mezulariak bidaltzen segitzen zenuen jo eta su; helburu bakarra izanik: ni zeureganatzea.    

Eta azkenean, lortu ere lortu zenuen. Gehiago eutsi ezinik maitemindu ninduzun. Beldurrak haizeak eraman zituen, zegoeneko prest nengoen, eta ondo ezagutzeko, tratatzeko eta zurekin gehiago mintzatzeko irrikaz. Banekien asko irakatsi eta erakutsi behar zenidala eta, konturatzerako, guztiz murgilduta nengoen istorio honetan. Hasi ginen elkar ezagutzen, komunikatzen, berba egiten, gero eta lotsa gutxiagoz eta zutaz harro. Hilabete gutxiren buruan erabat maiteminduta nengoen. Zutaz ez ezik, zure ohiturez, ahoskeraz, dantzez, jaiez, kulturaz ere maitemindu nintzen.

Orain urte bat baino apur bat gehiago elkarrekin daramagularik, harreman guztietan bezala, gaizki-ulertu batzuek eta komunikazio ezak eraman naute amore eman nahi izatera, behin baino gehiagotan. Arrazoi zeukaten zutaz “txarto” hitz egiten zidatenek: zail samar zara. Baina, ni jabetu naiz zaila bezain desberdina, eta hori da, hain zuzen, aparteko, erakargarri eta zoragarri bihurtzen zaituena.    

Hilabeteotan, komunikazioa pixkanaka-pixkanaka erraza eta arina izatea lortu dugu eta gero eta gai sakonago eta dibertigarriagoez aritzen gara. Hobeto ulertzen diogu elkarri, nahiz eta zure familietako batzuk ulertzea kostatu. Dena den, badakit haiek ere maite nautela, ontzat hartzen dutela gure harremana eta elkarrekin jarraitzea nahi dutela. Segidan nabaritzen zaie.

Askotan, hutsak egiten ditut, bete batzuetan, badirudi atzera joaten dela harremana, baina zuri ez zaizu batere inporta: egonarriz hartuta jarraitzen duzu nire alboan, zuzentzen eta laguntzen. 

Orain arte,  errespetu handiz tratatu izan dugu elkar, eta, agian, egun batean, hain lagun min bilakatuko gara non hika egiten ere amaituko dugun. Auskalo!

Gaur zure eguna da eta lerro hauek eskaini nahi dizkizut, zuri eta zure bizitza posible egiten dutenei. Konturatu gabe, ni ere banago haien artean. Eskerrik asko, bihotzez, EUSKARAri eta EUSKALDUNoi.


jueves, 18 de septiembre de 2014

8 urte Euskal Herrian.

Zortzi urte pasatu dira. 2006ko irailaren 18an Sevillan esnatu nintzen. Hegaldi bat hartu behar nuen Bilborantz. Bizitza berria, jende desberdina eta leku ezezagunak nire zain zeuden. Apur bat beldurtuta (23 urte baino ez neuzkan) nire maleta hartu (inor ezagutu gabe), esan "agur" aita eta amari eta, dardara batean, Sevilla, nire jatorrizko eta maitasun herria, utzi nuen. Hasieran "gero arte" bat izango zela pentsatzen nuen, hiru hilabete geroxeago bueltatzekoa nintzen-eta. Hala ere, ikus dezakezuenez ez zen batere horrela izan.
Inoiz ez nuen ezta imaginatu ere egin hemen aurkituko nituela lana, benetako lagunak, maitasuna, baita beste familia bat ere. Inoiz ez nuen imaginatu zortzi urte geroago lerro hauek baserri batetik, Euskal Herriko bihotzean, idazten arituko nintzela,  are gutxiago, euskaraz.

Izan ere, lehenengo zazpi urteetan, lana dela, zaila dela, ez nion hemengo hizkuntza ikasteari eman. Baina, orain dela urte bete (apur bat gehiago, agian) nire bizitzak sekulako bira eman du. Denboraren poderioz, hasi nintzen gero eta gehiago hemengo jendea eta ohiturak maitatzen. Orduan, konturatu nintzen orain arte egindakoa ez zen nahikoa. Horregatik esan nion neure buruari "Reyes, bene-benetan hemengo kultura eta jendea ezagutu nahi baduzu bere oinarria aurkitu behar duzu" Eta, zein den euskaldunen oinarria? Argi eta garbi: hizkuntza. Hizkuntza da ohitura guztiak mugitzen dituena, tradizioak sortzen dituena, jendea lotzen duena eta, azken finean, kultura biltzen duena. Orduan, aitzakiak alde batera utzi nituen eta, apurka-apurka, hasi nintzen benetako sustraietan murgiltzen. Orain esan dezaket nire hausnarketak okerrak ez zirela eta erabaki ezin hobea hartu nuela.

Nahiz eta hasieran pentsatu batzuek nire interesa ez zutela ondo hartuko, denborak erakutsi dit guztiz kontrakoa. Egin nuen (eta jarraitzen dut egiten) errespetuagatik, noski, baina sekula ezin izan nuen imaginatu jarrera hau. Zinez.. Nahi gabe eta proposatu gabe, jendeak hartu nau euskalduntzat (izan ere, bere arrazoi-puxka du, euskaldun berria naiz) eta arrotz bezala ikusten nindutenek orain bultzatzen naute jarraitzera. Eta bakar-bakarrik euskara ikaste hutsagatik. Beno, noski, euskara izatea ez da edozein gauza, euskara da haien bizitzak mugitzen dituena. Eta hori, Sevillarra izanik ("de pura cepa", gainera) gehiegi da euskaldunentzat. Eta irakatsi didate akatsak egin arren, hanka sartu arren edo lotsa eman arren hobe dela zerbait hitz egitea ixilik egotea baino. Hasieran, ez nintzen ausartzen euskara erabiltzen pentsatzen nuelako hainbeste akats egitea erespetu falta bat izan zitekeela. Hilabete batzuk geroago konturatu naiz errespetu falta dela ez erabiltzea.

Badira zortzi urte nire etxea utzi nuela, beste etxe bat aurkitu dut eta jarraitzen dut Sevillar izaten, nire sustraiak maitatzen eta nire tradizioak mantentzen. Hori kultura berri bat errepetatzeko, ezagutzeko eta maitatzeko ezinbestekoa da. Haiek sartu dira nire bihotzean eta nik badakit ni ere sartu naizela haien bihotzetan. Egiten ez duena nahi ez duelako da.





domingo, 27 de julio de 2014

Gloriaren hitzak.

Orain, egun batzuk geroxeago, Gloriaren hitzak idatzi nahi ditut. Egun batean, berak galdetu zidan: "Reyes, egun osoa ematen duzu idazten. Niri ere gustatuko litzaidake zerbait idaztea. Nola egin dezaket?" Orduan nik eskaini nire laguntza eta baietsi nion nire bloggean beren hitzak idaztea. Berak diktatu eta nik kopiatu. Hemen daude beren hitzak, berak esan zuen bezala.

"Uztailaren 7a: egun berezia izan zen guretzat, San Fermín eguna. Euskaraz ikasten ari den neska sevillar bat etorri da gure etxera eta euskara hizkutzetan murgilduta dago eta ikixi dena nahi du. Irakurtzea eta idaztea "fenómeno" egiten du. Hitz egitea landu nahi du.
Berehala moldatu zen gure erara eta ikaragarrizko zorte izan dugu berarekin, ezagutzea eta gure etxera etortzea... Guk berari irakasten dugu baina berarekin asko ikixten dugu, baita ere. Eta egun asko ez ziren, baina une guztia apropetxatzen ditu hitz egiteko eta entzuteko. Horrelaxe jarraituko dugu beti harremanetan. Eta hurrengoan, gehiago idatziko dut."

Eta nik, pozik, jarraituko dut idazten nahi duena. Horrek esan nahi du bueltatuko naizela. Eta laster izango da, gainera.

martes, 22 de julio de 2014

Laster arte, Errezil...

Azken eguna Errezilen eta urduri egin nuen lo. Bukaera heltzear zegoen eta, nire barruak ukatu nahi zuen. Duela bi aste bakarrik, egindako bidea Errezileraino, hain luzea, iluna, ezezaguna... alderantziz egin behar nuen. Hala ere, honezkero, sobera ezagutzen nuen. Lehen eguneko urduritasuna eta zalantzak desagertu ziren, eta orain pena bihurtu ziren. Nola aldatzen diren gauzak egun batzuetan, ezta?

Nire egonaldian Errezilen aurkitu dut, nire sukaldari aldea: ikasi dut erroskillak egiten (gero eta hobeto geratzen zaizkit, bide batez), kroketak, mermelada... Beti, Gloriari esker. Nire mendizale aldea ere aurkitu dut: igo naiz Herniora (Errezildarrentzat erreferente bat). Baserrian, kalekume hori, besteak beste, esnatu da egunero behien marruarekin; ikasi du belarra ebakitzen eta biltzen eta, horren ondorioz, atera zaizkio baba batzuk; jaso ditu letxugak, tipulak eta abar baratzatik; soroatik kendu du belar gaiztoa...
Denbora honetan, Sevillar hori murgildu da Euskal Herri sakonean (arazorik gabe, gainera), ikasi eta miretsi ditu haien ohiturak, ezagutu leku eta giro batzuk orain arte erabat ezezagunak berarentzat, aurkitu benetako lagunak, maitasun asko hartu du eta, garrantzitsuena, topatu du beste familia bat: bere familia euskalduna.
Eta, lehendabiziko helbururi buruz? Ez dago esan beharrik euskara dexente ikasi duela erdaldun horrek: esamoldeak, esaerak, hemengo euskalkia, hitz berri batzuk eta, batez ere, naturaltasuna gainditu du. Beraz, esan genezake jadanik ez dela erdalduna.

Baina ordua zen joateko. Bizilagunengana joan ginen Gloria eta biok agurtzeko. Fidela (amona) eta Eleuterio (semea) bazkaldu ari ziren eta nahi zuten haiekin jatea. Ezetz esan genuen. Beste plan batzuk geneuzkan. Nahiz eta azken eguna izan, luzea izango zen. Edo, hobeto esanda, azken eguna izateagatik, luzea izango zen, hain zuzen. Gogorra zen lehen agurra. Hain denbora gutxi eta hainbeste maitasuna hartuta. Nola ote posible da hori?
Malkoak ateratzeko zorian agur esan nionenean Enrikeri: "Ez utzi berba egiten, neska!" esan zidan. "Segi holan!" Hasieran (eta bukaeran baita ere) ondo ulertu ez arren, izugarri estima genuen elkar. Agurra eman nien logelari, oherari, panpinari eta negar batean irten gure baserritik. Gogorra izan zen. Hainbeste botako falta nuen! Agur hurbiltasuna, hiriburu hotzara noa.

Dendaren sartzen nintzen aldiro harrera bero bat egiten zidaten. Ze jatorrak dendariak! Egia esan, leku guztietan gertatzen zitzaidan gauza bera: bizilagunen etxean, elizan, tabernan... Azken eguna izanik, are gehiago. Adibidez, Letea jatetxean. Mari Ángelesek eskatu zidan pasatzeko eta nik ezin nuen nire hitza hautsi. Beste agurra are hunkigarriagoa. Barratik atera ziren Mari Ángeles eta Eli besarkada galanta bat emateko eta musukatzeko. Mari Angelesek nahi nuen kroketa batzuk jatea, baina beste leku batera joan behar genuen bazkaltzera eta ez genuen beteta heldu nahi. Baina, itzuliko naiz probatzera, seguru. Izan ere, Mari Ángelesek esan zidan: "Bihotz-bihotzez esaten dizut hau zure etxea dela. Etorri nahi duzunean" Eta lepoa jokatuko nuke bihotzez esaten zuela. Jakina da bueltatuko naizela. Eta, arrazoi du gure lagun Xabierrek, ama bat bezalakoa da Mari Ángeles.

Agur Errezil, hurrengora arte! Eta abiatu ginen Gloria eta biok Azkoitira, Iban eta Edurnerengana. Esan dudanez, agurra luzetxoa izan zen...Azkoitian bertan bazkaldu nuen, leku zoragarri batean, Gloria, Iban, Edurne eta bi txikiekin: Nora eta Julen. Nora portatu zen printzesa balitz bezala. Julen, (txikiena) apur bar bihurriago, adinagatik, baina, oso "graxioxo" eta zintzo-zintzo. Xarmangarriak dira. Gainera, apurka-apurka Nora eta Julenen konfiantza lortzen ari nintzen.

Beti bezala, elkarrizketa biziki atsegina izan genuen. Gozamena da haiekin mintzatzea. Edurnerekin, betiko moduan, zoragarria, denetatik hitz egiten, isildu gabe. Gainera, eta gezurra badirudi ere, hasi nintzen ulertzen Ibani. Gero eta hobeto ulertzen diogu elkarri. Hortaz, esan dezaket zerbait aurreratu naizela. Eta Gloria... sobera ezagutzen duzue, ezta? Mikel, Aintzane-eta ezin izan ziren etorri. Hala ere, oparitu zidaten Hernioren zintzarri bat, ikurriñaren kolorez. Gloriak, aldiz, eman zidan beste bat, Ama Virginarena, egindako erroskillak eta mermelada, baldinbaitiere! Oilo-ipurdi jarri zitzaidan, zirraragarri, zinez. Eta, berriro, malkoak ateratzear...

Heldu zen garaia behin betiko agurra esateko. Ze pena! Hamaika besarkada denon artean: Iban, Edurne, txikiekin eta, handiena Gloriarentzat... Nekez, kontrola nezakeeen negarra. Baina, behin kotxean sartuta utzi nituen malkoak ateratzen. Inork ni ikusteke... ezin nuen saihestu, ez nuen nahi. Gainera, batzuetan, hobe da barruan sartuta daukazuna ateratzea gordetzea baino. Hainbeste irabazi nuen, hainbeste ikasi nuen... Susmatu nuen bezala, hainbeste botako falta nuen...

Sevillar bat baserri batean eta euskara ikasten. Nork esango zen? Ba... Gloriak irakatsi zidanez: EZINA EKINEZ EGINA. Egia galanta.

Ez adiorik, Errezil!




domingo, 20 de julio de 2014

Pozik Errezilen...

Gauzak sinestezinak gertatzen zaizkit egunero. Gaur, goiz altxatu naiz eta joan gara Errezilgo elizara. Orain arte ez nintzen sartu eta gogoa neukan ezagutzeko. Ikaragarri handia da hain jende gutxi bizitzeko. Iruditu zait ederra, dotore, garbi, koru ederrarekin... eta bi eskultura atentzioa eman zizkidan: bata Domingo Erkiziarena, martir, Errezilgo seme bat. Bestea, San Martinena, elizako erretaularen erdian kokatuta. San Martin da Errezilgo patroia, azaroaren 11n ospatzen da: nire urtebetetzea, bide batez, beste kasualitate bat...
Eliza ikusten genuenean, sakristiatik atera zen apaiza. Kontatu genion nire istorioa eta, bat-batean hasi zen hitz egiten nirekin lehen frantsesez, gero ingelesez. Nola eta nire lehetasunezko bigarren hitzkuntza euskaraz den, izugarri kostatzen zait beste hizkuntzaz egitea. Beraz, ia-ia ezinezkoa egin zitzaidan erantzutea. Egoera, barregarria zen oso. Hala ere, are harriagarriagoa zen esan zigunean sartzeko sakristian meza entzuteko. Eta hor geunden Gloria, Maite (beste bizilagun bat, jada aipatutakoa) eta hirurok meza entzuten eta nik gaztelaniak erantzuten, otoizak euskaraz ez baititut ikasi, oraindik...
Meza amaitutakoan joan ginen, berriro, Maiteren etxera (elizaren alboan dago). Baina, oraingo honetan, erakutsi zigun bere landetxea (Etxe Berri deritzona) Lau logela, sekulako sukaldea eta hiru komuna. Eroso, baserri moduzko apainduta... leku ezin egokiagoa oporra txiki batzuk pasatzeko. Ez dago esan beharrik itzel ikuspegiak ikusten direla leiho guztietatik. Egia esan, ez litzaidake inportako asteburu luze bat pasatzea landetxe horretan.

Errezilgo eliza izan ezik beste inguruko elizak ere bisitatu ditut. Esatebaterako, Loiola. Nola eta Jesuitetan ikasten nuen, estimu handitan daukat San Inazio. Egia esan, egon nintzen Loiolan jadanik, baina egoera ez zen egokiena basilika ezagutzeko. Egoera hau, aldiz, bai. Beraz, pozik eta presarik gabe egin nuen bisita eta, behingoz, ezagutu ez izanaren arantza atera ahal izan nuen.

Eta oraindik ez dizuet kontatu beste ospakizun bat. Hamabost egun baino ez daramat Errezilen eta bi urtebetetze topatu ditut. Lehengo egunean Amaiarena, beste egun batean, Enrikerena. 88 urte ez direnez betetzen egunero, ustekabe txiki bat antolatu genion Enrikeri. Eraman genuen Leteara bazkaltzera. Nabaritu zaio poz-pozik zegoela. Batzuei ez zaie batere gustatzen urteak betetzea. Enrikek, aldiz, beste ikuspuntu desberdina dauka: arazoa da ez betetzea. Eta arrazoi berak.
Dotor-dotore jantzita, txapela buruan, betiko moduan, denok elkarrekin irten ginen etxetik jatetxera. Eguzkia ere atera zen, beraz, kanpoan, terrazan, egin genuen bazkaria. Jatetxean, hasi zen Enrike banatzen karameluak, umeek egiten duten bezala. Bere urtebetzea zen eta, antza denez, nahi zuen denek ospatzea berarekin.

Oparitu genion bote bat lurrin eta poz handia hartu zuen oparia. Gero, gonbidatu ginduen. Zelako detalle! Amaitu baino lehen atera zuten urtebetetzeko tarta bat bi kandela piztuta, bi zortzi. Bukatzeko, patxaran bat hartu bitartean, bertso franko bota zituen Enrikek, gure bertsolariak, nahiko ederrak, bide batez.
Leteara joaten naizen bakoitzean beti primeran tratatzen naute, horrela, gozamena da joatea, benetan. Izan ere, kasu honetan, Mari Ángelesek, jabeak, esan zidan: "Erreziletik joan baino lehen, etorri agur esateko, eh!" Eta, ez dago esan beharrik joango naizela.

viernes, 18 de julio de 2014

Eguraldi onak jarraitzen duenean...

Izugarrizko bistarekin altxatzen naiz egunero Errezilen. Leku ezin zoragarriagotan kokatuta dago gure baserria. Eta bista haiekin, gosaltzea plazer handi bat da. Gaur, sukaldean sartutakoan esan dut: "Zelan?" Oierrek erantzun: "Baratza landu, ardiak jan eman, belarra bildu..." Txiste bat zen, noski. Haiei arraroa egiten zaie entzutea zelan zer moduz- en ordez. Eta nik banekien Gipuzkoan "zer moduz" nahiago dutela baina, hainbeste denbora Bizkaian bizitzen... Eta, txantxaz aparte, arrazoi zeukan. Eguzkiak jarraitzen zuen zeruan, hortaz, guk lantzen jarraitu behar genuen. Onartu behar dut ez naizela hain zuzen trebea eskuekin, baina, Gloriak esaten didan bezala: "Hobe da laguntza txiki bat ezer ez baino"
Beraz, hartu berriro eskuarea, oraingo honetan eskuazalaz jarrita baba babesteko, eta harira! Ahalik eta hoberen saiatzen nintzen belarra biltzen eta erabat txarra ez naiz izan behar. Izan ere, Oierrek biltzailea eraman nahi nau segalari txapelketara. Imagina ezazue? Damutuko litzateke berehala...

Behin belarra bilduta eta jasota, baratzara, kontuz osina ez ukitzeko. Hala eta guztiz ere, baten bat mina egin zitzaigun. Bakar-bakarrik tipulak jaso genitzakeen. Lehen egunetan, eguraldiak ez zuenez lagundu, bazkari gehienak ez zeunden prest oraindik. Tomateek ere ez zuten hartu behar duten kolorea, beraz, utzi genituen. Hori bai, letxuga bat hartu genuen bazkaltzeko (baratzatik mahaira, zuzen-zuzenean)
Eta baratzatik, sorora. Non dago aldea? Baratzean landatzen dira letxugak, porruek, tipulak, tomateak, azenarioak, azelgak, berenjenak eta abar. Soroan, aldiz, babarrunak, artoa eta papatak.
Eta zer egin genuen soroan? Batez ere, belar gaiztoa kentzea. Eta, nola aldatzen den soroa behin kenduta! Txukun-txukun geratu zen. Deigarria iruditu zitzaidan artoarena. Badirudi, baserri bakoitzak daukala bere arto mota bat eta, haien artean, guztiz desberdinak dira. Uztengo balitz landatzeari, sekula ez litzateke berbera izango, sekula ez luke berreskuratuko bere jatorrizko zaporea. Bitxia, ezta?
Udare ugari (edo txermenak, hemen dioten bezala) jaso nituen eta, bidenabar, jan. Kiwiekin ezin izan nuen egin gauza bera, urrira arte ez daudelako prest. Dena den,  ikusten ziren kiwi txiki-txiki batzuk adarren artean. Baserrian bertan, gainera, ohitura daukate sagardoa egiteko, sagar urte baldin bada, noski.

Lana bukatuta, atseden bat merezi nuen. Amaiarekin joan nintzen igerilekura. Benetako asmoa hondartzara joatea zen baina, Euskal Herrian bizi gara eta hemen beroaren ostean, galerna dator. Horren aurrean, igerilekuaren alde jo genuen. Asteasun eman nuen arratsaldea Amaia eta bi lagunekin: Izarne eta Ane. Ia-ia denbora osoa uraren sartuta geunden, beroa itogarria zen. Ezinezkoa zen jende gehiago sartzea igerilekuren barruan. Umeez gainezka zegoen, batzuetan enbarazu egiten ziguten baina ez gehiegi... jasangarri, esan daiteke.
Izarne eta Ane, oso jatorrak, saiatzen ziren motelago mintzatzen nik ulertu ahal izateko. Beste mutil batzuk gurekin zeuden eta haietako bat beti "erderakadak" esaten zebilen. Barreren artean, zuzendu behar izan nion ez dakit zenbat aldiz... "Beroa insoportable da" Nik, "jasanezina". "Guk korregituko dizugu" Nik, "zuzenduko". "Helatu bat nahi dut", nik, "izozkia" "Goazen pizinara", "Igerilekura". Beste gauza deigarri bat; hemen inork ez du esaten igerilekua, baizik eta "pizina". Izan ere, ikaragarri arraroa egiten zaie igerilekua esatea zein entzutea. Ze gauzak...
Tarte bat egon ginen, baita ere, Maitanerekin, Amaiaren ahizpa. Bera bertsoak eskolara joaten da. Izugarri polita iruditzen zait. Inoiz gustatuko litzaidake bertsoak ondo ulertzea. Momentuz, kaleko euskararekin etsi beharko dut. Amaiak, aldiz,  euskal dantzak egiten ditu eta entseatzen du urte osoa. Ez dauka oporrik. Bide batez, hasi da irakurtzen opari nion liburua. Eta, itxuraz, asko gustatzen zaio.










.

jueves, 17 de julio de 2014

Eguraldi ona datorrenean.

"Hernioa iyo al zea behiñe?" (Itzulpena: "Herniora igo al zara behin ere?" Hori galdetu zidan Oierrek lehengo egunean. Gaur esan dezaket baietz. Nola ez nintzen ni joango Herniora Errezilen egonda?
Eguraldi ona datorrenean gauza pilo bat egin dezakegu. Baina, lagun ona etortzen bada ere, aukera gehiago eta ederragoak agertzen dira. Atzo egon nintzen bisitariaz, ba, hala hemen beste bat...
Nire bila etorri eta biok joan ginen Herniora. 1.078 metro, Gipuzkoako mendirik ezagunetako bat eta Errezildarrentzat, garrantzitsuena. Zelatunen hasi eta poliki-poliki, presarik gabe, igo, ardi eta ahuntzen artean, ikuspegi ederraz gozatzen... Kontuz ibili ginen harriekin orkatilak ez bihurtzeko eta, batez ere, ez erortzeko eta ederra egiteko.
Bidean, kanta batzuk bota genituen euskaraz eta, nola ez, hitz eta pitz aritu ginen hizkuntzari buruz. Tontorrera iritsi aurretik, bazeuden burdinezko uztai batzuk. Antza, pasatuz gero indarra ematen du eta laguntzen dira gaixotasunak kentzen. Nik, badaezpada ere, eta ohiturak jarraitzen,  pasatu nituen.
Heldutakoan konturatu nintzen ez zegoela gurutze bat bakarrik. Gailurra gurutzez beteta zegoen oroitzeko mendizaleak edo, Herniozaleak, hobeto esanda. Helburu berberekin,aldare txiki bat zegoen. Barruan, hamaika argazki eta mila kandela piztuta. Hori ikusita, niri jarri zitzaizkidan oilo ipurditan...
Haluzinagarriak iruditu zaizkit hortik ikusten diren ikusmenak. Alde batetik, itsasoa ikus zitekeen eta haran osoa. Bestetik, besteak beste, gure baserria, argi eta garbi, Hernioren hegalean, mendian murgilduta, ederra. Gure lagun xarmangarriak azaldu zidan non dagoen Azpeitia, Azkoitia, Zarautz, zein diren mendiak eta, beti bezala, kontatu zizkidan pasadizo pilo bat... Hartu genituen argazki batzuk eta berriro behera.
Lana ondo amaitzen dutenak, bazkari ona merezi dute, ezta? Zelatun bazkaldu genuen. Zelatun: beste leku eder bat. Hortik ere ikusten dira sekulako bistak. Eta, hor dagoen jatetxea izugarri eroso eta hurbila da. Ezin egokiagoa ondo jateko eta,  gainera, konpania paregabekoan. Han zebiltzanak ere ezagutzen gintuzten. "Zu zera euskaldun berria, ezta?" "Ikusi zaitugu telebistan,  zu zea hemen ikixten duena?" Berria naizenez, denek ezagutzen naute Errezilen eta inguruetan, eta galdetzen zidaten ea nola moldatzen nintzen, nitaz kezkatuta. Ez al da polita? Ez al dira zoragarriak Errezildarrak, hurbilak, jatorrak...? Susmo bat daukat: joango naizenean asko botako falta ditut (denak; herria eta herritarrak, baina, batez ere, familia)

Txangoaz gain, eguraldi ona datorrenean aprobetxatu behar da lurrean lan egiteko. Orduan, arratsaldean, hori tokatu zitzaigun. Beno, guri eta guztiei. Giroa nabaritzen zen: traktoren mugimendua baserrietan baita bideetan ere, gelditu gabe. Hainbeste egun txarren ostean, eguzkia aprobetxatu behar izan zen, berriro joan aurretik. Nola eta Oierrek ebaki zuen belarra, orain bildu behar genuen. Iban, Gloria eta hiruron artean egin genuen,  beroa gorabehera. Iban sardearekin, emakumeak eskuarearekin. Ibanek azaldu zidanez, behin ebakita, belarra ezin da bustitu, bestela ustelduko da eta ez luke balioko behiei jan emateko, neguan.
Baserriko lana egiteagatik ez zaizkit eraztunak erortzen. Inondik inora. Hori bai, atera zait baba bat eskuan. Eta ez dago Ibanen errua (berak dioen bezala). Gertatzen dena da nire eskuak ez daudela ohituta lurrean lan egiten. Badirudi finegiak direla. Hala eta guztiz ere, jarraitu nuen biltzen. Jarri tirita txiki bat eta kito.
Eta landu bitartean, aipatutako hurbiltasuna ere sentitu ahal izan nuen. Txirrindulari bat pasatu zen bidetik eta kasu egin zidan: "Aupa Reyes! Zaindu Iban!" Baina, ez genekien nor zen eta gaur jarraitzen dugu oraindik zalantzarekin. Baina, jende guztiak estimatzen nau eta hori zoragarria da. Azkenean, izerditan baina amaitu genuen lana (edo gehiena) Eta poz-pozik, gainera!
Mendira joan, lurra landu... kalekumea izateko, ez dago gaizki, ezta?